letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

 PARKE NATURALA

Aiako Harria Parke Naturalaren ezaugarri nagusiak, bere edertasun ikusgarria eta erakargarritasuna dira. Horregatik da, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko bisitatuena.

Urtero 175.000 bat lagun joaten dira Oarsoaldeko (Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Lezo) eta Txingudiko (Irun eta Hondarribia) eskualdeetako informazio-zentroetara, parkean zer ikusi daitekeen jakiteko.

Zenbaki horrek, ordea, ez du islatzen ingurua bisitatzen dutenen benetako kopurua, berez askoz ere handiagoa baita. Hala ere, Aiako Harria Euskal Autonomia Erkidegoko zortzi parke naturaletatik interes gehien sortzen duena dela esateko balio digu. Hamaika bisitari joaten dira urte osoan zehar, batik bat udaberrian eta udan, mendi-ibilbideez, alpinismoaz eta paisaiaren edertasunaz gozatzera.

Aiako Harria mendigunea, Pirinioetako Mendikatearen muturretako bat izateaz gain, Euskal Herriko formazio geologikorik zaharrenetakoa da (orain 250 milioi urte inguru azaleraturikoa). Arroka batzuetan, itsasoko animalien fosilak ere aurkitu izan dituzte. Bestalde, mende asko daramatza gizakiak bertan bizitzen, eta horren erakusle ditugu parkeko hainbat lekutan dauden cromlechak, tumuluak eta trikuharriak, eta baita erromatarren meatzeak eta ondorengo garaietako errotak ere.

Beste ezaugarri aipagarri bat faunaren aniztasuna da. Ez da zaila izokinak, sai arreak edo pagausoak ikustea. Hango harizti eta pagadi ederrak leku ezin hobeak dira oinez ibiltzeko eta eguneko betebeharrak alde batera uzteko.

Aiako Harriako gailurretara igotzeko ohiko bidea Pikogaratetik igarotzen da, Irundik edo Oiartzundik abiatuta. Artikutzarako bidetik edo Aritxulegiko lepotik Bianditzera ere joan daiteke. 

Fitxa:

  • Sailkapena: Parke Naturala (1985)
  • Azalera: 6.912 hektarea
  • Kokapena: Gipuzkoako ipar-ekialdean, Nafarroako mugan, Bidasoa eta Urumea ibaien artean, honako udalerri hauetan hedatzen da: Donostian, Errenterian, Hernanin, Irunen eta, batez ere, Oiartzunen.
  • Gerturatzeko: Bilbo-Behobia autopista (Oiartzun eta Irun irteerak) eta Oiartzundik Irunerako (GI-3631), Lesakarako (GI-3420) eta Artikutzarako (GI-3633) eskualde-errepideak erabili ditzakegu. Hernanitik (Ereņozuko sarrera), Errenteriatik (Listorretako sarrera), Irun-Oiartzunerako bidea (Ingelesaren gaztelutik)-Elurretxe.


Goza ezazu Aiako Harriako leku ederrenetako batzuekin argazki hauen bidez.


Eusko Jaurlaritza
Gipuzkoako Foru Aldundia
Oiartzungo Udala
Ordino Turisme