letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

 MEATZE-USTIAPENAREN HISTORIA

Airetiko ikuspegia
Arditurriko meatzeak granitozko Aiako Harria mendigune ikusgarriaren bihotzean daude, Oiartzunen (Gipuzkoan). Meatzeak erromatar inperioaren garaitik ustiatu izan dituzte. Hala ere, inguruetan aurkitutako aztarnek agerian utzi dutenez, are lehenago ekin zitzaion meatzeak ustiatzeari.


Ziur aski, Burdin Aroko gizakiak izan ziren mineral-zainak ustiatzen lehenak. Aiako Harriko meatzeetan galena argentifera ustiatzen zuten, zilarra lortzeko.
Garai hartan burdina ateratzen zuten eta, ondorioz, hainbat ola kokatu ziren eskualdeko erreken eta ubideen ertzetan. Baina erromatarrek burdinari jaramon handirik egiten ez ziotenez, material horren Aiako Harriko erreserba handiak ia oso-osorik zeuden.
Jarduerarik gabeko aldi baten ostean, XVIII. mende amaieran, Oiartzungo Sein familia meatzea ustiatzen hasi zen berriz, zilarra eta beruna lortzeko. Juan Guillermo Thalacker ingeniari alemaniarra Carlos IV.aren aginduz etorri zen, Sein familiaren jarduerak zertan ziren ikuskatzera.
1830ean, Compañía Guipuzcoana de Minas enpresa Arditurri ustiatzen hasi zen, besteak beste. Ustiatzeko meazuloak handitu egin zituzten, eta aurreko garaietako aztarnetako asko suntsitu egin ziren prozesuan zehar.
1902tik 1904ra bitartean Bilboko Chavarri Hermanos konpainiak, Sestaoko (Bizkaiko) labe garaien jabeak, lortu zuen burdina ustiatzeko emakida, eta trenbidea eraiki zuten. Gaur egun, ibilbidea Arditurriko bidegorri bihurtu da, oinez eta bizikletaz ibiltzeko. Aurreko mendearen erdi aldean, bertan zegoen fluorita zela eta, interes handia sortu zen, eta meatzea modernizatu egin zuten.

Arditurriko esparruko jarduera 1984an amaitu zen, eta ustiatzeko baimena 1985ean iraungi. Hala ere, 1983an, behin betiko itxi aurretik, Arkeolanek www.arkeolan.com, Historia eta Arkeologiako Azterketa eta Ikerketa Zentroak, prospekzio arkeologiko batzuk egin zituen.

Arditurri eta Otsamantegiko meatzeak itxi ondoren geratu ziren ingurumen arazoak (metal astunak uretan, hondakindegien ezegonkortasunak eta abar) konpontzeko azterketa ugari, diagnosia, proiektua eta obrak egin ziren.
2007ko udaberrian, meatze-esparruaz baliatzeko proiektua onartu eta 800 metro luzeko meazuloa egokitzeko lanak abiarazi zituzten. Arditurriko meatze-esparrua 2008ko ekainetik dago ikusgai.


Eusko Jaurlaritza
Gipuzkoako Foru Aldundia
Oiartzungo Udala
Ordino Turisme